Ni naiz txit gauza gozoa
eta poztasun osoa,
beltza naiz ta zuria,
indarra naiz ta garboa
eta deritzat ardoa.
Noe gizon aditua,
zedorren pentsamendua
izan zen txit haundia,
paratzea mahastia;
zu zara ardoren autore,
O! Zorioneko Noe
Edari maitagarria,
tristearen alegria!
Duzu alaitzen begia,
kentzen melankonia,
mutua ipintzen kantari
eta errena dantzari.
Hautsi, atera, ebakia,
llaga dela edo zauria,
kuratzeko belarra,
klareta edo nafarra,
moskatela edo malaga,
edozein ardo ona bada.
Erregin ta erregeak,
munduko agintariak,
apaizak ere ongi,
fraideak are hobeki,
altxatzen dute goizetik
ukalondoa gogotik.
Ardoaz dago alegria,
musika, dantza, armonia;
baina bada hasitzen
belaunak limuritzen,
eta irakiten burua
ezta gauza onik orduan.
Ai, niri zer egin ote zai!
Oinez ibiltzen ahaztu zait!
Burua jaso ezin dut,
lurra idoro ezin dut;
triste dut bihotza guztiz,
edan dezadan, ea, berriz.
Ai, hau edari gozoa!
Zerutik jetsitakoa!
Zenbat eta hondorago
hainbat haiz gozoago!
Jainkoak bedeinka hazala
nik bedeinkatzen hautan bezala.
Baso honetan ikustean
poza diat bihotzean,
hemen begiraturik
ba naukak txoraturik;
zer egingo eztuk barrenean?
Sar hakit bada, lehen bait lehen
Eska zaiogun Jaunari
demala indar zepari,
libra dezala harritik,
izotz, lehor larritik;
erreza zaigun berari
digun mahats ona ta ugari.